<< Elkarrizketen zerrendara itzuli
 
17/04/2008
Elkarrizketatua: JABIER AMONDARAIN
Kargua: "Haundikoa" nekazalturismoko arduraduna.

Garapen eredua erabakitzea dagokigu.



Jabier Amondarain, "Haundikoa" nekazalturismoko  jabea eta "NEKOTS" Tolosaldeko Nekazalturismoen Elkarteko kidea da. 

1.-TOLOMENDI (TO): Noiz ireki zenuten zuen nekazalturismoa eta zein da zure balorazioa urte hauetako ibiliaz?

JABIER AMONDARAIN (JA): 1992an ireki genuen "Haundikoa" nekazalturismoa eta gure aurrikuspen ekonomiko zein sozialak bete direla esan dezaket. Bixitari zein herritarren aldetik onartuak eta baloratuak garela sentitzen dut.

 2.-TO: Nekazalturismoek nekazarien errentaren osagarri gisa zein paper joka dezakete? Benetako aukera ekonomiko dira errenta osatzeko?

JA: Errentagarritasun ekonomikoa badute, baina arazo nagusia bi aktibitate ekonomiko ezberdin uztartzen egon daiteke; nekazal aktibitatea nagusi izanik, baserritarrak hari begira antolatzen baitu ustiakuntza. Gainera, nekazal aktibitatea unipertsonala izan daiteke, baina nekazalturismoarekin uztartzekotan familiaren partehartzea beharrezkoa da.

3.-TO: NEKOTSeko kide izanik, eskualdeko nekazalturismoek zein behar edo egitasmo duzue etorkizunerako?

JA: Tolosaldeko nekazalturismooi kontsolidazio etapa gainditu ondoren, garapen eredua definitzea dagokigu. Elkartea berritu dugu eta eskualdeko Garapen Agentziekin elkarlan hestuagoa izateko asmoa dugu. Nekazalturismoen garapen eredu eta norabidea zehaztu eta adostu behar dugu. Gure paisaiaz gain, nortasuna, kultura, gastronomia landu behar ditugu? Eta nola?

4.-TO: Ze baloratzen dute eta zer botatzen dute faltan zuen bezeroek?

JA: Askotan egiten duten galdera da ea zer egin-ikus daitekeen. Guregandik informazioa eta aholkua eskatzen dute; alegia, nora joan, non jan, zein museo bixitatu... Informatzaile moduan lan egitea tokatzen zaigu eta horretarako tresna berriak behar genituzke. Bestetik, gastronomia baloratzen dute bereziki. Beraz, nola uztartu gastronomia eta nekazalturismoak? Ekimen berriak aztertu beharko genituzke, adibidez "Gastronomia rurala", produktuak jatorrizko tokian ezagutzea, dastatzea...

5.-TO: Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren aurrean, non nekazalturismoen profesionalizazioa eta sailkapena bultzatu nahi den, zein iritzi duzu?

JA: Nekazalturismoak nekazal aktibitatearen osagarri gisa sortu ziren. Bestalde, landetxeak turismoan profesionalizatzeko aukera izan daitezke. Bata zein bestea zaku berean sartzeak nekazalturismoak kaltetzen ditu. Nekazalturismoek ezaugarri berezi eta bereiztuak dituzte eta maila horretan erantzun beharko litzaieke.

6.-TO: Tolomendiren Juntan hainbat urte daramatzazu "NEKOTS"en ordezkari gisa. Zer moduzko esperientzia izan da zuretzat?

JA: Oso esperientzia aberasgarria izan da neretzat.Tolomendi elkarte bizia da, berritzen dena eta gaurkotasuna izanik etorkizunari aurre hartzeko jarrera duena. Bestalde, atzerrira eginiko bidaiek landa garapenari buruzko ikuspegi berriak ezagutzeko aukera eman didate. Begiak ireki dizkit.

 

© copyright 2004 Tolomendi
Lege gordailua | Diseinu eta garapena. Quick-en eskutik.

 

Erabiltzailea    
Pasahitza