Jabier Amondarain Amezketako "Haundikoa" nekazalturismoaren jabea eta NEKOTS Tolosaldeko Nekazalturismoen Elkarteko kidea.
1.-TOLOMENDI (TO): Noiz ireki zenuten "Haundikoa" nekazalturismoa eta zein da zuen balorazioa urte hauetako ibiliaz?
JABIER AMONDARAIN (JA): 1992an ireki genuen gure nekazalturismoa eta gure aurrikuspen ekonomiko zein sozialak ere bete direla esan dezaket. Baloratuak eta onartuak sentitzen gara bixitari zein herritarren aldetik.
2.-TO: Nekazalturismoek nekazarien errentaren osagarri gisa zein paper joka dezakete? Aukera ekonomiko erreala dira?
JA: Errentagarritasun ekonomikoa badute, baina arazo edo oztopo nagusia bi aktibitate ekonomiko ezberdin uztartzean egon daiteke. Nekazal aktibitatea nagusia izaki, baserritarrak hari begira antolatuko du lana eta turismo aktibitatearekin uztartzekotan familiaren beharra du. Alegia, nekazal aktibitatea unipertsonala edo indibiduala izan daiteke eta nekazalturismo aktibitatea gehituta berriz familia egituraren beharra luke.
3.-TO: NEKOTSeko kide ere bazara. Eskualdeko nekazalturismoek zein behar edo egitasmo duzue etorkizunerako?
JA: Tolosaldeko nekazalturismoek kontsolidazio etapa gaindituta, garapen eredua definitu eta abiatzea dagokigu. Elkartea berritu dugu eta eskualdeko garapen agentziekin elkarlan hestuagoa izateko asmoa dugu. Nekazalturismoen garapen aukera desberdinak aztertu eta gure garapen eredua eta norabidea erabaki behar ditugu. Soilik gure paisaiari lotu edota nortasuna, kultura, gastronomia...landu behar ditugu?
4.-TO: Ze baloratzen dute eta zer botatzen dute faltan zuen bezeroek?
JA: Askotan egiten duten galdera da; hemen zer egin edo ikus daiteke? Guregandik informazioa-aholkua nahi dute: nora joan, non jan, zein museo bixitatu... Informatzaile gisa lan egitea tokatzen zaigu eta horretarako herraminta berriak behar genituzke eskuartean. Bestalde, gastronomia baloratzen dute bereziki. Nola uztartu gastronomia eta nekazalturismoak? Ekimen berriak aztertu beharko genituzke, adibidez "gastronomia rurala"; produktuak jatorrizko tokian ezagutzea, dastatzea...
5.-TO: Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren aurrean, non nekazalturismoen profesionalizazioa eta sailkapena bultzatu nahi den, zein iritzi duzu?
JA: Nekazalturismoak nekazal aktibitatearen osagarri gisa sortu ziren. Landetxeak aldiz turismoan profesionalizatzeko modu bezela hor daude. Bata zein bestea zaku berean sartzeak nekazalturismoak kaltetzen ditu. Nekazalturismoek izaera eta ezaugarri bereziak dituzte eta maila horretan erantzun beharko litzaieke, euren bide propioa eginez.
6.-TO:Tolomendiren Juntan hainbat urte daramatzazu NEKOTSen ordezkari gisa. Zer moduzko esperientzia izan da zuretzat?
JA: Oso esperientzia aberasgarria izan da neretzat. Elkarte bizia da TOLOMENDI, berritu egiten dena, gaurkotasuna izanik etorkizunari aurre hartzeko gogoa eta jarrera duena. Atzerriko herrialdeetara egin ditugun bidaiek gainera esperientzia eta ikuspegi berriak ezagutzeko aukera eman dit. Begiak ireki dizkit.
Tolomendik zinez eskertzen dio Jabier Amondaraini elkarrizketaren galderei erantzuteko egin duen ahalegina. Mila esker.