Landa eremuko Udaltalde 21 Pilotua

Beren udalerrietan Tokiko Agenda 21 ezarri nahi duten eta udalerrien arteko esperientzia eta informazioa trukatu nahi duten herriak, Udaltalde 21 izeneko taldetan biltzen dira.

Landa Eremuko Udaltalde 21 Pilotua ordea berezia da, izan ere landa eremuko udalerrietan Tokiko Agenda 21 ezartzeko, bertako izaerari eta berezitasunei egokitutako metodologia lantzeko helburuarekin sortu da. Orain arte Tokiko Agenda 21 ezartzeko garatu eta aplikatu den metodologia hiriei zuzendua dago, eta landa eremuetan ekin diren saioetan ikusi da metodologia hau ez zaiola ondo egokitzen hiritarra ez den errealitate horri.

Hala ere, landa eremuak garrantzi estrategiko bizia du ondoko arrazoiengatik, besteak beste:

• Biztanleriari dagokionez dentsitate eta kopuru txikiak dituen arren, landa eremuak azalera handia hartzen du.

• Gizarteak bereziki baloratzen duen kultura eta natura ondarearen gordailu da.

• Nekazaritza eta abeltzaintzari lotutako erabileren etorkizunak neurri handian baldintzatzen du landa eremuaren balioen kontserbazioa.

Metodologia berri bat


Landa eremuko udalerrien beste ezaugarri batzuk metodologia berri bat lantzeko beharra nabarmentzen dute, hala nola:

Udaletxeek baliabide urriak dituzte, hirikoen aldean. Orokorrean, idazkaria izaten da udal langile finko bakarra, eta bestelako behar teknikoak aholkularitza kontratuen bidez betetzen dira. Alkateak eta zinegotziek ere udaletxetik kanpo izaten dituzte beren lanak. Guzti honek udal ekipoarekin harremana, bere inplikazioa, eta ekintzak martxan jartzeko gaitasuna zailagoa egiten du. Biztanleriaren dentsitatea txikia izanik, baliabide ekonomikoak ere mugatuak dira, baita hirian ohizkoak diren beste zerbitzu asko.

• Biztanleriaren zati handi batek nekazaritza ustiategietan lanean jardutean, gehienetan baserri mistoetan, ez du asti handirik, beraz oztopo berriak daude partaidetza bideratzeko.

• Herri txikietan ingurumen arazoak ez dira oso nabarmenak izaten. Gizarte eta ekonomia arloek, berriz, garrantzia berezia hartzen dute inguru honetan.

Bizilekuen dentsitate baxua eta bizitokien sakabanaketa, komunikazioan eta partaidetzan zailtasunak sortuz.

• Hizkuntzaren aldetik, euskara nagusitzen da, baina lengoaiari dagokionez, prozesuan parte hartu beharko duten askok ez dute euskara batua menderatzen, maila teknikoan, bederen. Datu hau bereziki kontuan izan behar da komunikazioko ekintzak eta lan egitaraua lantzean.

Teknologia berrien erabilera mugatua da oraindik, baina potentzial handia eskaintzen dute Agenda 21 ezartzeko prozesuan.

Landa Eremuko Udaltalde 21 Pilotua osatzen duten lau udalerriak Albiztur, Alkiza, Bidegoian eta Larraul dira. Proiektuaren berezitasunak kontuan hartuta, erakunde desberdinen inplikazioa eta elkarlana behar beharrezkoak direnez, guzti hauek parte hartzen dute:

Ihobe (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saileko sozietate publikoa, ingurumen jarduketarako).

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentua.

Mendikoi (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko sozietate publikoa, landa eremuko heziketa, sustapena eta garapenerako).

Tolomendi (Tolosaldeko landa garapenerako elkartea).

Albiztur, Alkiza, Bidegoian eta Larraulgo Udalak.

© copyright 2004 Tolomendi
Lege gordailua | Diseinu eta garapena. Quick-en eskutik.